OHIKUNEA
EZKONTZA
SAKRAMENTUAREN
OSPAKIZUNA
Santi eta Oihana
Sarrera-abestia
Zein gozo ta eder dan anaiok alkartu
eta danok batera Jainkoa goratu.
Gora bihotzak eta guztiok egin kantu,
Jainkoak bere eskuz salbatuko gaitu.
Zabal gogoak jaunaren hitza entzuteko,
haren nahia jakinik zuzen ibilteko.
Hasierako agurra
Ondo etorri, guraso, senide eta lagun guztiok.
Eskerrik asko gure deiari erantzun diozuelako.
Zeuei esker lotu genezake gure maitasuna ezkontza sakramentuaz Jainkoaren aurrean.
Lagun iezaguzue otoitzean eta abestietan, elizkizun guztian zehar.
Hasierako ohikuneak
† Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
- Amen.
† Ondo etorri zuok, Sabin eta Oihana, eta baita zuen laguntzaile guztiak ere. Eta Jesukristoren grazia ta bakea izan bediz zuekin.
- Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
† Hasi gaitezen, senideok, Jainkoaren errukiari apaltasunean dei egitetik, eta bere parkamen ugaria eskertzetik:
- Jesus Jauna, Jainkoaren maitasuna erakusten deuskuzuna, erruki, Jauna!
- Jesus Jauna, Jainkoaren maitasunean biziazoten gaituzuna, Kristo, Erruki!
- Jesus Jauna, maitasunaren autorle ta ereile egiten gaituzuna, erruki, Jauna!
† Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua, eta gure pekatuak parkaturik eroan gaizala betiko bizitzara.
—Amen.
Otoitza
Entzun, Jauna gure otoitzak,
eta isuri zure grazia zure zerbitzarion gainera;
zure altara-aurrean alkartzen direnok,
alkar-maitasunean sendotu daitezela.
Jesukristo.
HITZAREN LITURGIA
Lehenengo irakurgaia (Has 2, 18-24)
Sarrera-Oharra
Gizakia ez da txantxetako gauzea, Jaungoikoak aparteko maitasunez egindakoa baino; bera da gauza guztien buru jarri dauena, bere irudia daroena. Eta gizon-emakumeak ez dira zein baino zein haundiagoak edo zein baino zein bestearen jabeagoak, alkarrentzat eginak baino. Hortxe agertzen dabe Jainkoaren iruditasuna.
Genesis liburutik 2, 18-24
Jaungoiko Jaunak honela inoan berekautan: "ez dago ondo gizona bakarrik egotea; berari dagokion laguna egingo deutsot. Eta Jaungoiko Jaunak landako abere eta zeruko hegazti guztiak egin zituan lurretik, eta gizonari ekarri eutsozan, ze izen emoten eutsen ikusteko; eta bizidun danak gizonak jarritako izena dabe euren izen. Eta gizonak izena jarri eutsen abere guztiei ta zeruko egazti guztiei, eta basa pizti guztiei; baina ez zan aurkitzen gizonari egokion lagunik.
Orduan Jaungoiko Jaunak lo aztun bat hartuazo eutson gizonari; eta lo hartu eban; saihets-hazur bat kendu eutson, eta hutsunea haragiz bete eban; hari kendutako saihets-hazurraz emakumea egin eban Jaungoiko Jaunak, eta aurrera eroan eutson gizonari. Eta gizonak esan eban : 'Hau bai ba dala nire hazurretako hazurra, eta maminaren mamin! "Emakume" izango dau izena, gizonagandik egina izan da -ta'.
Horregaitik, gizonak aita-amak itziko ditu, eta bere emazteagaz alkartuko da; eta biak haragi bat izango dira.
Jaunak esana
Erantzun-Salmoa Ps 62
R/ JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DOT BETIREN-BETI
Jainko, nere Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zure egarriz daukat gogoa,
zure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Egona nauzu zuri begira jauretxean,
zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
Bizia baino hobea bait da zure maitasuna,
ezpainok egingo dute zure goralpena.
Goretsiko zaitut bizi naizen artean,
jasoko ditut eskuok zure izenean.
Gurinez eta mamiz bezala beteko zait gogoa,
ezpain-ikaraz goretsiko zaitu nere ahoak.
Zutaz oroitzen naiz ohe-gainean,
Zu gogoematen zaitut gauean.
Zu gertatu bait zera nere laguntzailea, †
pozez oihu dagit zure hegal-itzalean.
Nere gogoa zuri itsatsia dago, †
zure eskuinak eutsita nago.
Bigarren irakurgaiaren sarrera-oharra
Gure munduan sarri baino sarriagotan aitatzen da maitasun hitza: abestietan, pelikuletan, eta abar. Maitasun-egarri garelako izango da, gehienbat. Jainkoaren hitzak maitasuna aitatzen dauenean helburu lez, bide lez eta Jainkoaren grazi lez aitatzen dau: eguneroko hurrats txikiez lortzen dan dohaia da maitasuna: entzun.
San Paulo apostoluak Kolosatarrei egindakotik (3, 1-2.12-17)
Senideok: Kristogaz berbiztu zaren ezkero, ibili zaiteze goi-ondasunen bila: Kristo hantxe dago-ta jesarrita, Jainkoaren eskumaldean. Jo eizue goiko gauzetara, ez lurrekoetara.
Jantzi zaiteze bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, egokitasunez, eroapenez Jainkoaren herri aukeratu, santu ta maitea zareen ezkero. Eroaizue ondo alkar, eta parkatu batak besteari, inork inorentzat ezer baleuko. Jaunak parkatu deutsuen lez, parkatu zuok ere.
Guzti horreen gainetik, ostera, izan eizue maitasuna, horixe dalako lokarririk bikainena. Kristoren bakeak agindu bei zuen bihotzetan, bake horretara deituak zareen ezkero gorputz batean; eta izan esker onekoak. Ugari bizi bedi zuokan Kristoren berbea: jakituriarik osoenean alkar argituz eta berotuz; salmoak, goratzarreak, eta goi-arnasazko abestiak Jaungoikoari bihotzez eta esker onez kantari. Edozer esaten edo egiten dozuela, egizue dana Jesukristo Jaunaren izenean, beronen bidez Jaungoiko Aitari eskerrak emonez.
Jaunak esana.
Ebanjelio-aurreko oharra
Jesusi jarraitzea zer den adierazoko deusku ebanjelio txataltxo honek. Eta guk buruan daukaguzan hiru-lau txoritxo baztartzea eskatuko deusku. Jesusi jarraitzea gauza serioa da, eta bizitzeari zentzua emoten deutso. Egin daiogun harrerea aleluia abestuz, zutunik.
† Jesukristoren ebanjelioa Mateo deunaren liburutik 5, 13-16
Aldi haretan Jesusek honela esan eutsen bere ikasleei: «Zuok lurraren gatza zaree. Gatza gazatzen bada, zerez gazituko da? Kanpora botateko baino ez da, eta oinpean zapaltzeko.
Zuok munduaren argia zaree. Ezin ezkutatu daiteke mendi-gainean dagoen herria. Argia ere ez da lakaripean ipinten, argi-Sabinren gainean baino, etxeko guztiei argi egin deien.
Bego biztuta zuen argia ere gizonen aurrean, zuen egite onak ikusi dagiezan, eta zeruetan dagoen zuen Aita goratu dagien.»
Jaunak esana.
EZKONTZAKO OHIKUNEA
Oharra (Abadeak)
Santi eta Oihana: hona etorri bazaree honetarakoxe izan da: zuen arteko maitasuna Jainkoak ezaugarri bateaz zihurtatu daian, hemen alkartuta eta bere zerbitzariaren ardurapean dagoen Jainkoaren herriaren aurrean. Egun baten bateoaz izan zineen sagaratuak. Gaur Kristok beste sakramentu bateaz bedeinkatuko dau zuen maitasuna, eta aberastu egingo zaitue eta indarra emongo deutsue alkarren zintzotasunean irauteko eta ezkontza-bizitzako betebeharra bete ahal izan daizuen. Horregaitik, ba, Jainkoaren herri honen aurrean galdetzen deutsuet zuen asmoaz:
Itaunketea
Abadeak: Santi eta Oihana: Askatasun osoaz zatoze ezkontza sakramentua ospatzera?
Ezkongaiek: Bai!
Abadeak: Gertu zagoze zuen bizitza guztian zehar alkar maitatzeko eta alkarri zintzoak izateko?
Ezkongaiek: Bai!
Abadeak: Gertu zagoze euki daizuen seme-alabarik maitasunean onartzeko, eta Kristoren sinismenean hezteko?
Ezkongaiek: Bai!
Alkar onartzea
Abadeak: Zuen maitasuna sakramentu mailan bizi izan nahi dozuen ezkero, eizuez bat zuen eskuak, eta azaldu zuen alkar onartzea Jainkoaren eta Elizearen aurrean.
Senargaiak: Nik, I. k,
nire emaztetzat hartzen zaitut zu, I.,
eta Berbea emoten dot,
zintzoa izango nazala zugaz
zorionean eta txarrean, osasunean eta gaixoaldian,
eta maitatuko zaitudala eta begirunea izango deutsudala
neure bizitza guztian.
Emaztegaiak: Nik, I. k,
nire senartzat hartzen zaitut zu, I.,
eta berbea emoten dot,
zintzoa izango nazala zugaz
zorionean eta txarrean, osasunean eta gaisoaldian,
eta maitatuko zaitudala eta begirunea izango deutsudala
neure bizitza guztian.
Abadeak:
Abrahanen Jaungoikoak, Isaaken Jaungoikoak,
Jakoben Jaungoikoak,
gure lehenengo gurasoak paradisuan bat egin zituan Jaungoikoak
baieztu dagiala Elizearen aurrean
batak besteari emon deutsozuen baietz hori,
eta, Kristogan, emon deizuela bere bedeinkapena,
Jaungoikoak bat egin dauana gizakiak banandu ez dagian.
EZAUGARRIAK
Eraztunak ezartzea
Abadeak: Bedein†katu daizala Jainkoak zuek, maitasun ta zintzotasun ezaugarri lez, alkarri ezarriko deutsozuezan eraztunok.
*Senarrak lehenengo eta gero emazteak*
I., hartu egizu eraztun hau,
nire maitasun eta zintzotasunaren ezaugarritzat.
Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Hamahiru diruak bedeinkatzea eta emotea
Hamahiru diruak emoteko ohitura dan tokietan, abadeak esaten dau:
Bedeinkatu † egizuz, Jauna,
I.k eta I.k alkarri emoten deutsoezan diru honeek,
eta isuri egizuz euren gain zure ondasun ugariak.
Senarrak bere eskuetan diruak hartu eta emazteari emoten deutsoz, esanez:
I., hartu egizuz diru honeek.
Izan daitezala guretzat
Jainkoaren bedeinkapenaren
eta alkarregaz izango doguzan ondasunen ezaugarri.
eta emazteak senarrari bihurtzen deutsoz, esanez (bardin):
Herri-otoitza
Bereziki eskatu dagigun gaur, senideok, heuren maitasun-bizitza hasten daben gure senideon alde; Jainkoak guri deuskun maitasunaren ezaugarri izan daitela heurena. Eta izan dagiguzan gogoan gure arteko beharrizanak ere:
- Elizearen alde: bere artzainengan eta eliztar guztietan maitasunaren autorle izan daiten, eskatu dagiogun Jaunari.
- Sabin ta Oihanaren alde: Jainkoak eutsi dagion heuren maitasunari eta helduazo dagian alkarrenganako zintzotasunean eta uste onean, eskatu dagiogun Jaunari.
- Egunero menperatu dagiela norberekeria, eta bakotxak bestearen ona baino ez dagiela bilatu, eta heuren buruak onartuz, inoiz ez daitezela parkamen eskeintzen nekatu, eskatu dagiogun Jaunari.
- Mundu guztiko gizon-emakumeen alde: danengan errotu daitezan ta hazi esku-zabaltasun guraria, maitasun ta bake guraria, eta zuzentasun guraria, eskatu dagiogun Jaunari.
- Gure etxeetako hilen alde: Jainkoak betiko atsedena emon deien, eta bere maitasun amaibakoan hartuak izan daitezan, eskatu dagiogun Jaunari.
- Gu guztion alde: Jainkoak gure etxeak bere babespean hartu dagizan, gure arteko maitasuna haunditu dagian, eta alkarrenganako uste ona emon deigun, eskatu dagiogun Jaunari.
† Jainko gure Aita: Jesukristorengan sinisten dogunok benetan bizi izan gaitezela iragarri dogun ebanjelioaren bideetan, zure maitasunaren autorle izan gaitezan horrela. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
SENAR-EMAZTEEN ONESPENA
* Jauna zuekin.
- Eta zure espirituarekin.
* Jainko Aita ahalguztidunak emon deizuela bere poza, eta zuen seme-alabetan bedeinkatu zaizela.
- Amen.
* Jainko Seme bakarra zuekin errukior agertu daitela zori onean eta txarrean.
- Amen.
* Jainkoaren Espiritu Santuak isuri daiala beti bere maitasuna zuen bihotzetan.
- Amen.
* Eta zuok ere, hemen zagozen guztiok, bedeinka zaizela Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak
- Amen.
Zoaze Jaunaren bakean.
- Eskerrak Jainkoari.
Amaieran
Ezkonbarrien azken agurra
Senide ta lagunok: ezarri dogu, zeuei esker, gure maitasun bizitzaren oinarria, eta pozik gagoz. Eta baita itxaropentsu ere. Gaur lagun izan zaituegun lez nahi zaituegu lagun bizitza osoan. Jainkoak ez deusku hutsik egingo, eta beti izango dogu babespe Antiguako Ama. Guzti hau geure eguneroko bizitzara luzatu daitela nahi dogu; eta horren ezaugarri izan daitela orain alkarregaz izango dogun mahaia eta jaia. Eskerrik asko, eta jai atsegintsua izan daigula, ba, guztiok.
__________________________________________
LEHENENGO IRAKURGAIAK
(Aukeratu Irakurgai bat, eta ebanjelio bat)
Rt 1, 5-18
5 Hil ziren Mahlon eta Kilion ere. Noemi, ez senar ez seme, bakarrik gelditu zen.
6 Gerora, Moab lurraldean zegoelarik, entzun zuen Noemik Jauna bere herriari aldeko agertu zitzaiola uzta ugaria emanez. 7 Hala, bere bi errainekin, Moab uzteko prestatu eta Judarantz abiatu ziren. 8 Baina, bidean, honela mintzatu zitzaien Noemi:
—Tira, itzul zaitezte zeuen etxera, nor bere amarenera. On bekizue Jauna, zuek niretzat eta hildakoentzat on izan zareten bezala. 9 Jaunak eman biezazkizue beste senar eta etxe bana.
Orduan, Noemik besarkatu egin zituen bere errainak, agurtzeko. Baina hauek, garrasika, negarrari eman zioten, 10 eta esan:
—Ez! Zurekin joan nahi dugu zure herrira.
11 Noemik erantzun zien:
—Itzul zaitezte, ene kuttunok. Zergatik nahi duzue nirekin etorri? Honezkero izan ote dezaket nik beste semerik zuei senartzat emateko? 12 Itzul zaitezte, enetxook, zaharregia bainaiz ni berriro ezkontzeko; baina oraindik itxaropena izan eta, gaur gauean haurdun gelditurik, semerik izango banu ere, 13 haiek gizondu zain egon behar ote zenukete? Besteren batekin ezkontzeari uko egingo al zeniokete? Ez, ene kuttunok, horrelakorik ez. Aurka jarri zait Jauna, eta zuei gertatuak nahigabeturik nauka.
14 Haiek berriz ere negarrari eman zioten garrasika. Orduan, Orpak bere amaginarreba besarkatu zuen, eta bere herrira itzuli zen. Rut, ordea, amaginarrebarekin gelditu zen. 15 Noemik esan zion, orduan:
—Hara, Rut, zure koinata bere herrira eta bere jainkoengana itzuli da. Zoaz zu ere harekin.
16 Baina Rutek erantzun zion:
—Ez eskatu horrelakorik. Utzi zurekin joaten. Zeren zu nora joan, hara joango bainaiz ni ere; zu non jarri bizitzen, hantxe jarriko naiz ni ere; zure herria zein, huraxe izango da nirea ere; zure Jainkoa zein, huraxe nirea ere; 17 zu non hil, hantxe hilko naiz ni ere, eta hantxe ehortziko naute. Betorkit Jaunarengandik zigorrik latzena, heriotzak ez bestek zuregandik aldenduko banindu!
18 Rutek bere erabakia harturik zeukala ikusirik, amore eman zuen Noemik.
Paulo apostoluak Kolosarrei 3, 9-10.12-17
9 Ez jarraitu elkarri gezurrak esaten, izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi 10 eta berria jantzi duzuenez gero; izaki berri zarete, bere egile den Jainkoaren irudira eraberrituz doana, hura gero eta sakonago ezagutzeko. 12 Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz. 13 Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri. 14 Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria*. 15 Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko.
16 Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zentzarazi elkar jakinduria osoz. Kantatu Jainkoari esker onez eta bihotzez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. 17 Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.
Erantzun Salmoa (Ps 32, 1-2.4-5.12-13.14-15.20-21)
R/. Poztu zaiteze, zintzook, Jaunagan,
kanta eiozue kantu barri.
R/. Erruki hutsa dogu Jauna:
errukia ta maitasuna.
Zuzena da Jaunaren hitza,
leiala harek egin dauan guztia.
Zuzen eta bidezko dana dau maite,
haren graziaz lurra dago bete. R/.
Bai dohatsu Jauna Jainko dauan jendea,
bere oinorde autatu dauan herria.
Begira dago Jauna zerutik,
gizon guztiengana adi-adi. R/.
Ospatu eizue Jauna zitaraz,
egiozue soinu hamar hariko salteriaz.
Kanta eiozue kantu barri,
turutaz ondo eresi. R/.
Hara, Jaunaren begiak bildur deutsoenengana,
haren maitasuna itxaroten dabenengana;
heriotzatik dauz atarako,
eta gosetean asetuko. R/.
Ebanjelioak
† Mateoren ebanjeliotik (Mt 7, 21-27)
21 «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin. 22 Epai‑egunean askok esango didate: “Jauna, Jauna! Ez ote genuen zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?” 23 Baina nik erantzungo diet: “Ez zaituztet inoiz ezagutu; alde niregandik, gaizkileok!”
24 «Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena, etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zuhurraren antzekoa da. 25 Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; baina ez zen erori, oinarriak harkaitzean zituelako. 26 Nire hitz hauek entzun bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon zentzugabearen antzekoa da. 27 Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen eta dena hondatua gelditu».
† Lukasen ebanjeliotik (9, 57-62)
57 Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi:
—Noranahi jarraituko dizut.
58 Jesusek esan zion:
—Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.
59 Beste bati esan zion:
—Jarraitu niri.
Baina hark erantzun:
—Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.
60 Eta Jesusek:
—Utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera.
61 Beste batek, berriz, esan zion:
—Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu aurrena etxekoei agur egiten.
62 Baina Jesusek erantzun:
—Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako.
† Jesukristoren ebanjelioa Mateo deunaren liburutik
5, 13-16
Aldi haretan Jesusek honela esan eutsen bere ikasleei: «Zuok lurraren gatza zaree. Gatza gazatzen bada, zerez gazituko da? Kanpora botateko baino ez da, eta oinpean zapaltzeko.
Zuok munduaren argia zaree. Ezin ezkutatu daiteke mendi-gainean dagoen herria. Argia ere ez da lakaripean ipinten, argi-Sabinren gainean baino, etxeko guztiei argi egin deien.
Bego biztuta zuen argia ere gizonen aurrean, zuen egite onak ikusi dagiezan, eta zeruetan dagoen zuen Aita goratu dagien.»
Jaunak esana.


0 Comments:
Publicar un comentario en la entrada
<< Home